Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
3.7. Mendetasuneko egoera onartzeko eta zerbitzua edota prestazioa esleitzeko prozesuaren iraupena
Lehenbizi, baloratzeko eta Banakako Arreta Programa (BAP) egiteko faseari dagozkion denborak aztertuko ditugu, hots, pertsonak mendetasuneko egoeraren onarpena eta sistemako prestazioak eskuratzeko eskubidea eskatzen dituen unearen eta dagokion foru erakundeko gizarte zerbitzuek, interesatuaren partaidetzaz, Banakako Arreta Programa –mendetasuneko egoeran dagoen pertsonarentzat egokiak diren zerbitzuak edota prestazioak jasota– prestatzen dutenaren artean igarotako epea. Ondoren, ebazpenetik dagokion zerbitzu edo prestazioa benetan esleitzen zaion arte igarotako batez besteko tartea aztertuko dugu.
3.7.1. Balorazioa eta BAP egiteko fasea
ARABA | BIZKAIA | GIPUZKOA* | |||||||
2007 | 2008 | 2009 | 2007 | 2008 | 2009 | 2007 | 2008 | 2009 | |
Eskaeratik baloraziora arte (hiletan) | 4 | 3 | 1,3 | 3 | 2,01 | 0,52 | 2,57 | 2,03 | 0,7 |
Baloraziotik ebazpenera arte (hiletan) | 0,23 | 0,23 | 0,23 | 1,49 | 1,39 | 0,69 | 0,97 | 0,53 | 0,3 |
Ebazpenetik BAP egin arte (hiletan) | 1 | 1 | 1 | 3,68 | 1,62 | 1,33 | 0 | 0 | 0 |
PROZESUAREN BATEZ BESTEKO DENBORA | 5,23 | 4,23 | 2,53 | 8,17 | 5,02 | 2,54 | 3,54 | 2,56 | 1 |
(*) Txosten honetako 2.9.i) atalean adierazi dugunez, Gipuzkoan BAP "fisikoa" egitea ez da prozeduraren edo betekizunen baitakoa.
Prozedura izapidetzeko epea nabarmen laburtu da. Izan ere, hasierako kolapsoa, batez ere Bizkaian ikusten dena (guztira 8,17 hilabete 2007an), 2008an joan zen gainditzen, azkenean, 2009an, prozesu osoaren batez besteko denbora bi hilabete eta erdi ingurukoa izan arte.
Ikusten denez, Gipuzkoan, hiru ekitaldietan, batez besteko denborak beste lurralde bietakoak baino txikiagoak dira. Izan ere, 2009an, prozesuaren fase hori 30 egunetan bukatzen da, gutxi gorabehera.
2007 | 2008 | 2009 | |
Araba | 5,22 | 4,23 | 2,53 |
Bizkaia | 8,17 | 5,02 | 2,54 |
Gipuzkoa | 3,54 | 2,56 | 1 |
3.7.2. Ebazpenetik zerbitzua edo prestazioa esleitu arteko batez besteko denbora
a) Prestazio ekonomikoak
Bizkaiko Foru Aldundiak ez du daturik eman ebazpenaren eta prestazio ekonomikoen artean igarotako batez besteko denboraz.
Arabako Foru Aldundiak jakinarazi digu epe hori ez dela inoiz hiru hilabetetik gorakoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du, pertsonak betekizunak betez gero, eskaeraren eta benetako esleipenaren arteko denbora egun gutxi batzuetakoa dela.
b) Egoitza-zentroa
Arabako administrazioak argitu digunez, ezinezkoa da batez besteko denbora jartzea egoitza-zentroa esleitzeko, balorazioan lortutako mendetasun graduaren eta eskuragarri dauden plaza kopuruaren araberakoa delako. Bestalde, adierazi duenez, plaza publikorik ez dagoenean, zerbitzuari lotutako prestazioa esleitzen da, familiak hautatu eta izapidetutako zentro pribatuko egonaldiaren kostua ordaintzen laguntzeko edo, bestela, eguneko egoitza baliabidea, etxeko laguntza edota familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa ematen zaio, egoitzako plaza eskuragarri egon arte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak honela azaldu digu kalkulu horrek daukan zailtasuna: "mendetasunaren balorazioa eskatzen denean, balorazio horren bidez zer zerbitzu eta prestazio eskuratu nahi den adierazi arren, ez da beti egiten zerbitzu edo prestazioari dagokion eskaera". Adierazi digunez, eskaera hori askoz geroago ere egin daiteke, agian. Hori zehaztuta, honako datuak eman dizkigu: 1,7 hilabete 2007an, 5 hilabete 2008an eta 7,4 hilabete 2009an.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi digu, 2009an, epe hori gutxi gorabehera 3 hilekoa izan zela.
c) Eguneko zentroa
Bizkaiko Foru Aldundiak, 2008an, hilabete eta erdi inguruan jarri du epe hori. Arabako aldundiak egoitza-zentrorako jarritako eragozpen bera dauka eta Gipuzkoakoak honako balioak eman dizkigu: 1,2 hilabete (2007), 3,4 (2008) eta 5,2 (2009); bestalde, ohartarazi digu kontuz hartu behar direla balio horiek, arestiko atalean egindako zehaztapena dela-eta.
d) Etxez etxeko laguntza zerbitzua
Gipuzkoako administrazioak, arestiko ataletako zehaztapen berberak eginda, 1,3 (2007an), 2,8 (2008an) eta 4,9 hiletan (2009an) jarri du esleitu arteko batez besteko epea.
Arabako foru Aldundiak adierazi digu ELZ balorazioarekin batera izapidetzen dela eta, beraz, berehala edo batzuetan hura bukatu aurretik esleitzen dela. Informazio hori, ordea, ez dator guztiz bat herritarrengandik jasotako kexa batzuekin.
Bizkaiak ez du daturik eman, zerbitzua udal esparruan eta lurralde osorako esparru-akordiorik gabe kudeatzeak azterketarako dakarren zailtasunagatik.
e) Telelaguntza zerbitzua
Bizkaian emandako datua 2008ri dagokio: batez beste 2,5 hilabete. Gipuzkoako administrazioak, arestiko zehaztapenak eginda, 2007 (3,3 hilabete), 2008 (3,1 hilabete) eta 2009ko (1,4 hilabete) batez besteko denborak jakinarazi dizkigu. Arabak ez du daturik eman.
Orokorrean, baliabidea bat, hala nola egoitza-zentroa edo eguneko zentroa, esleitu behar denean, epea luzeagoa da, izapidetzea gorabehera, pala eskuragarrien kopuruak ezartzen duelako esleitzeko erritmoa.
Ikusten denez, plazak eguneko zentroetan esleitzea egoitza-zentroetan egitea baino gutxiago luzatzen da.
Telelaguntza eta etxeko laguntza zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak epe laburragoetan esleitzen dira.